Azken biktima 61 urteko langile irundarra izan da eta joan den ostiralean hil zen pleurako minbiziaren eraginez. CCOO sindikatuaren datuen arabera, 10 dira jada 2014an amiantoaren eraginez hil diren pertsonak EAEn.
Hildakoak 1969 eta 1977 urteen artean lan egin zuen amiantoarekin kontaktuan eta inolako babesik gabe. Apirilean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako CCOOren Osasun Kabineteak txosten bat hasi zuen, Osalanek iker zezan langileak amiantoarekin izandako erlazioa, baita bere gaixotasunaren kausa hori izan zela aitor zezan ere.
CCOOk adierazi duenez, amiantoa EAEko minbizia kasu askoren eragilea da. Are gehiago, ikerketa zientifikoek erakutsi dute hurrengo hamarkadetan amiantoak heriotza gehiago eragingo dituela, baina Osakidetzak horren aurrean "begiak ixten" dituela salatu dute.
CCOOren ustez, lanean amiantoarekin kontaktuan egon diren langile guztiak erregistratuko balira, eta Osakidetzak gaixotasunen jatorria lanean dagoela aitortuko balu, amiantoak eragindako heriotzen kopurua gaur egun aitortzen dena baino 10 aldiz handiagoa izango litzateke.