Hego Euskal Herrian koronabirusagatiko heriotzek nabarmen behera egin ostean –maiatzaren 31an ez zen pertsona bakar bat ere hil, ekainaren 1ean bi hil ziren– gaur jakin da ekainaren 2an 10 pertsona gehiago hil direla. Heriotza guztiak Euskal Autonomia Erkidegoan gertatu dira, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak ez duen jakitera eman hiru lurraldeetako bakoitzean zenbat hil diren.
Eusko Jaurlaritzak zabaldu dutenez, azken egunean Euskadiko Autonomia Erkidegoan 10 pertsona gehiago hil dira koronabirusez. Nafarroan ez da inor gehiago hil, arratsaldean jakinarazi dutenez. Hauekin, Euskal Herrian ekainaren 3era arte 2.078 pertsona hil ditu COVID-19ak, 1.553 EAEn, 515 Nafarroan eta 10 Iparraldean.
Euskal herritarrok azken estatistiken arabera 3,17 milioi biztanle garenez, gure arteko hilkortasun tasa da milioi 1 biztanleko 655. Euskal Herria independentea balitz, munduko herrialdeen artean milioiko heriotza gehien eduki dituztenen zerrenda honela osatuko litzateke: 1. San Marino 1.238, 2. Belgika 820, 3. Andorra 660, 4. Euskal Herria 655, 5. Espainia 580, 6. Erresuma Batua 580, 7. Italia 555, 8. Frantzia 443, 9. Suedia 443...
Eusko Jaurlaritzak EAE osoko datuak bai baina Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hildakoen kopururik ez du ematen maiatzaren 14tik eta gaur ere informazio hau ez du erakutsi. Probintziaka zenbat testeatu diren eta zenbat positibo agertu diren bai aipatzen du Jaurlaritzak, baina ez hildako kopururik.