argia.eus
INPRIMATU
“10 euro edo gehiago” kanpaina jarri dute martxan Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan
  • Krisiaren Seme-Alabak Sare Sozialistaren arabera, oinarrizko elikagaien eta produktuen bankuan “lan boluntarioa” eta “ekarpen materialak” indartu nahi dituzte kanpaina berriarekin.

Mikel Eizagirre 2020ko uztailaren 07a
Krisiaren Seme-Alabak Sare Sozialistaren prentsaurrekoa. Argazkia: @krisiaren Argazkia: @krisiaren

Krisiaren Seme-Alabak Sare Sozialistak konfinamendu garaian eman zion hasiera oinarrizko elikagaien eta produktuen bankuari Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan. Behin konfinamendutik aterata, langileen egoerak “okerrerako norabidean” jarraitzen duela ohartarazi dute ordea. Aitortu dutenez, martxan jarri zuten proiektuak “izateko arrazoiak” dituela ikasi dute denboraren poderioz. Hori dela eta, eskualdean kanpaina berri bat jarri dute martxan, proiektua indartzeko asmoz.

Orain arte ez dituzte oinarrizko elikagaien eta produktuen bankuan izandako eskaera eta hartzaile kopuruen datuak mahaigaineratu nahi izan. Izan ere, datuak ematea gehienetan “asistentzialismoa sustatzen duten erakundeek euren lana goraipatzeko egiten duten ariketa” izan ohi dela diote. Hala ere, proiektuak hartu duen dimentsioa eta antolakuntza beharrak ikusita, egoeraren berri ematea ebatzi dute. Ohartarazi dutenez, dagoeneko 503 dira orain Urola Erdian jaso dituzten eskaerak. Oinarrizko produktuak eta elikagaiak eskuratzeko arazoak dituzten 503 pertsona, “gizarte eredu honek baztertutako 503 langile”. Euren gaitasunen arabera jokatuta, 232 pertsonari eskaintzen diote zerbitzua hilero. Baina datuei erreparatuta, egiten duten esfortzua eskaerari erantzuteko hankamotz geratzen dela ohartarazi dute. “Beharrak hor jarraitzen du”, azaldu dute Krisiaren Seme-Alabek.

“Ikusten ez den errealitatearen larritasunaz jabetzeak soilik du elkartasuna eta konpromisoa antolatzeko eta elikatzeko potentzia” adierazi dute. Ildo beretik, proiektua aurrera ateratzeko herritarrren parte-hartzea “ezinbestekoa” dela azaldu dute, izan diru-laguntza formetan, produktuak dohaintzan emanez edo boluntario gisa lan-indarra jarriz. Esker oneko azaldu dira bide horretan orain arte konpromisoa erakutsi duen pertsona ororekin.

10 euro edo gehiago

Martxan jarri duten dinamika berriak 10 euro edo gehiago du izena. Proiektuak une honetan jasotzen dituen eskari guztiei erantzun ahal izateko “baliabide ekonomiko jarraituen beharra” duenez, hilean gutxienez hamar euroko ekarpen ekonomiko jarraitua egiteko gonbita luzatu dute. Kanpaina ez da aspektu ekonomikora mugatzen baina, “lan boluntarioaren indartzea” eta “ekarpen materialen jasoketa bermatzea” ere beharrezkoak direla azaldu baitute. Izan ere, oinarrizko beharrak asetzeak “garapen etengabea” eskatzen duela ikasi dute, "orain arte egindako harreman-sareari esker". Bide horretan, ekarpen orok “lan-lerro berriak irekitzea” eta “kapitalismoaren krudelkeria gogorren pairatzen dutenen aldeko dinamika berriak martxan jartzea” ahalbidetuko duela baieztatu dute.

Ekarpenak

Harremanetarako 688 769 047 telefono zenbakia jarri dute, eta ekarpena egin nahi lukeen edonork krisilehengaibankua@gmail.com. helbidera idatzi dezake. Bertan, izen-abizenak, kontu korronte zenbakia eta hilero egin nahi den ekarpenaren zenbatekoa zehaztu beharko da.

 

 

 

Krisiaren Seme-Alabak Sare Sozialistaren komunikatua