Ekozinemaldiak hamargarren edizioa du 2016an. Ekologia sozialari buruzko dokumentalak eta film luze eta laburrak eskaintzen ditu Ekologistak Martxanek antolatutako ekimenak; aurten energi eredua, klima aldaketa eta energi trantsizioa izango ditu ardatz nagusi.
Hego Euskal Herriko hamazazpi udalerritan izango dira emanaldiak, martxoaren 20ra bitartean (ikus hemen egitarau osoa). Sarrera doakoa izango da ia denetan.
Eskainiko dituzten filmen artean Honek dena aldatzen du nabarmendu daiteke, Naomi Kleinen izenburu bereko liburuan oinarritutako dokumentala. Klima aldaketaren arazoa xehe-xehe aztertu du egile kanadarrak, eta honako ondoriora iritsi da: klima aldaketak sorrarazitako krisi larria izan daitekeela sistema kapitalista gainditzeko behar den bultzada onena. Euskarazko bertsioan ikusi ahal izango da hainbat herritan.
Ekologistak Martxanek berak ekoiztu duen Piztu aldaketa! dokumentalak, berriz, energi trantsizioa egiteko ereduak erakusten ditu, dagoeneko abian dauden esperientzien berri emanez. Beste dokumental batzuek tokian tokiko arazo zehatzen berri emango dute: Repsol konpainiak Kanariar Uharteetan egindako hidrokarburo bilaketa, Esako urtegiko arazoa, Bolivian herri indigenek jasaten duten presioa…
Lindanoak eragindako kutsadura ere izango da protagonista. Batetik, Arturo Hortasen Discovering lindane dokumentala eskainiko dute, konposatu horren arriskuez eta zehazki Sabiñánigon (Aragoi) eragindako arazoez mintzatzen dena. Arazo berari lotuta, ARGIAk egindako Uraren kutsadura Ezkerraldean, konpondu gabeko arazoa bideo laburra ikusgai izango da Artean, Ataunen, Seguran, Leioan eta Barakaldon.