argia.eus
INPRIMATU
%0,0075: indarkeria matxistako salaketa faltsuen portzentajea
  • Espainiako Estatuko Fiskaltzak eman ditu datuak. Zortzi urtean 79 kasu zigortu dituzte salaketa faltsua egiteagatik.

ARGIA @argia 2017ko irailaren 08a
Argazkian, erasoak salatzen Gasteizen, uda honetan. (Arg.: E. Anda)

2009tik 2016rako datuak eman ditu Espainiako Estatuko Fiskaltzak. Urte horietan 1.055.992 salaketa jarri ziren indarkeria matxistagatik. Horietako 194 salaketari espedientea ireki zieten salaketa faltsuak zirelakoan. 79k zigorra jaso zuten salaketa faltsuak izateagatik. Beraz, espedientea irekitako kasuak kontuan hartuta salaketa faltsuak guztiaren %0,18 lirateke eta jada zigorra jaso dutenak kontuan hartuta %0,0075.

2016an 142.893 salaketa jarri ziren. 16 salaketari espedientea ireki zieten faltsuak zirelakoan. Bi kasu artxibatu egin ziren eta beste 14ak tramitazioan daude.

Espainiako Estatuko Ministerio Publikoak 2016ko txostenean zera adierazi du datu horiei buruz: “Salaketa faltsuagatik urtero irekitako espedienteen portzentaje oso txikia nahikoa adierazgarria da salaketa faltsuak nagusi direla dioten ahotsen aurrean”.