argia.eus
INPRIMATU
AVE katalanari inbidia izan behar al genioke?
  • Abiadura Handiko Trena (AHT) 2016rako abian izatea “oso zaila” izango dela berretsi zuen Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoa eta Lehiakortasun sailburuak, Diario Vasco egunkariak igandean argitaratutako elkarrizketan.

Jon Torner Zabala @jtorner 2013ko urtarrilaren 15a
AVE katalanaren bedeinkapena, hilaren 8an: Espainiako Sustapen ministroa, Kataluniako eta Espainiako presidenteak eta Asturiasko printzea.

Egun horretan, Euskadik inbidia dio Kataluniako abiadurari artikulua plazaratu zuten Vocento taldeko egunkariek [Interneten ez dago irakurgai], Tapiaren “Kataluniari inbidia diot” esaldiaren ildotik. “Figueresetik Frantziara doan korridorearen irekierak AVErekiko isolamendua oroitarazi dio Euskadiri”, dio Luis López kazetariak: “Ez dirudi AHT 2016rako bukatuko denik. Bitartean, espainiar hiriburu handiek abiadura handiko trena dute jada”.

Eta beheraxeago: “Enpresariek diote lurraldeak lehiakortasuna galdu duela. ‘Madriletik Sevillarako AVE linea ireki zenean, ez zuen gugan eragin handiegirik izan’, dio Jose Angel Corres Bilboko Merkataritza Ganberako presidenteak. Bai, ordea, espainiar hiriburua Bartzelona eta Valentziarekin lotzen dituzten trenbideek. ‘Bilborekin aldera daitezkeen bi negozio-hiri dira, eta inbertsioak erakartzean garraioarena funtsezko faktoreetako bat da, enpresek sare egokia eskatzen dutelako. Abiadura handiak lehiakorrago bihurtu ditu”.

Egun berean, ordea, El País egunkariaren gehigarriko azalean galdera hau irakurri genuen: “Beharrezkoa al zen Frantziara AVEan iristea?”. Luis Gomez kazetariaren hitzetan, “Espainiak bere isolamendua [trenbide sareari dagokiona] gainditu du, hain justu abiadura handiak jaso dituen inbertsio erraldoiek gero eta zalantza handiagoa pizten dutenean”. Eta barruko orrialdeetan: “Abiadura handiak Madril eta Paris lotzen ditu jada. Mugarri den gertaera hori adituen kritika eta politikarien atsegin keinuen artean heldu da”.

Datu ugari ematen ditu Gomezek, bidaiari kopuruenak tartean: “Madril-Sevilla lineak 14.000 bidaiari ditu batez-beste kilometroko, eta Madril-Bartzelonak 9.000. Askoz ere gehiago dituzte Paris-Lyon (59.000 bidaiari / kilometroko) eta Colonia-Frankfurt (51.000) tarteek. Operazio-kostuak justifikatzeko, ibilbide bakoitzak 6,5 eta 8 milioi bidaiari artean izan behar ditu urtean, eta Espainiako korridore bakar bat ere ez da ratio horretara iristen”.

Hogei urte dituen Madril-Sevilla lineari dagokionez, kazetariak dio geltoki bat paratu zen herrietan apenas egon zela aldaketarik biztanle, etxebizitza eta enpresa kopuruari dagokionez, AVErik gabeko urteekin alderatuta. Daniel Albalete Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakaslearen hitzetan, soilik turismoari (Kordoban eta Sevillan) egin zion mesede, baina aurreneko urteetan bakarrik.

“Ez duzu aurkituko ekonomialaririk abiadura handian egin diren inbertsioen alde agertuko denik”, dio Albaletek. “Ingeniariren bat agian bai, onura teknologikoak frantziar eta alemaniarrek jaso dituzten arren”.

Ez da dudarik: Albaletek ez ditu euskal negozio-gizonak ezagutzen. Bilboko Merkataritza Ganberako presidentearen hitzetan, gaur egun bidaiariak “modu ez-lehiakorrean” mugitzera beharturik gaude, bereziki Madrilera; bai hegazkinez –“haien tarifak geroz eta garestiagoak dira”–, eta bai errepidez –horrek dakarren denbora galerarekin–. Bestalde, Juan Ugarte Arabako Enpresarien (SEA) idazkari nagusiak dioenez, abiadura handiak turismo eta enpresa gehiago erakarriko ditu.

Ikusteke dago AHT-k zein garapen izango duen. Daniel Albalete, Germá Bel ekonomialari kataluniarra eta beste hainbat aditu obra faraonikoen gehiegikeriez mintzo diren bitartean, enpresari eta politikariek haien alde egiten jarraitzen dute. Eta guztiok dakigu nork agintzen duen.

Informazio gehiago:

Germa Bel ekonomialariari elkarrizketa Nabarralderen webgunean, Albaleterekin batera idatzi eta garraio sareaz mintzo den España capital París liburuaren harira.