argia.eus
INPRIMATU
Bideo batek gezurtatu du patera baten istripuaz Espainiako poliziak emandako bertsioa
  • Atzo argitaratutako bideo batek 2012ko abenduaren 13an Guardia Zibilaren eta etorkinez beteriko txaluparen arteko talka argitzen lagundu du. Poliziaren bertsioa, talka ustekabekoa izan zela zioena, gezurtatu du. Istripuan etorkin bat hil eta 6 desagertu ziren.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko martxoaren 12a

 

Hiru hilabete igaro ostean, Cadena Ser irratiak segurtasun kamera baten bideoa argitaratu du, patruilak txaluparen aurka nahita jo zuela frogatzen duena. Bertan ikusten denez, goizeko 2:17etan txalupa Lanzarotera hurbiltzen ari zen, kostaldea zelatatzen ari zen patruila ontziak ikusi zuenean, eta jarraika hasi zitzaion. Txalupak, ihes egitea lortuko ez zuela ohartuta, motorra gelditu zuen. Eta patruila ontzia, bestea baino bost aldiz handiagoa zena, beregana gerturatu zen abiadura biziz, talka egin zuten arte. Txalupa berehala hondoratu zen.

Guardia zibilak bertsio ezberdinak eman zituen gertakariaren ostean. Talka ustekabekoa izan zela eta ondorioz patera irauli egin zela esan zuten lehenbizi. Ostera, patruila ontziaren arazo mekaniko baten ondorioz kontrola galdu eta txaluparen aurka egin zuela.

Orain arte, talkatik bizirik atera ziren 17 marokoarren bertsioa komunikabide eta GKE gutxi batzuek eman zuten egiazkotzat. Kostaldera iritsi eta berehala, Guardia Zibilaren ontziak patera argi eta garbi ikusia zuela eta nahita jo ziola esan zuten.

Gertakariak beste polemika bat ere eragin du: bizirik atera ziren 17 marokoarretatik 14 aberriratu izana, epaile batek adierazpenik eman aurretik. Honek ikerketa judiziala aurrera eramateko zailtasuna dakar, poliziari mesede egiten dion datua.