argia.eus
INPRIMATU
Barcinak ez ditu 2004tik 2011ra kobratutako dietak itzuliko
  • Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko lehendakariak 2004tik 2011ra CANen bidez kobratutako dietetan (soldataz aparteko ordainsarietan, alegia) irabazitako 246.000 euroak itzuliko ote dituen galdetu zuen atzo Patxi Leuza Geroa Bai-ko (GB) parlamentariak, Noticias de Navarrak jaso duenez. Sánchez de Muniáin Nafarroako Gobernuko bozeramaileak, galdera horren aurrean, ezezkoa erantzun zuen.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko martxoaren 01
Yolanda Barcina, Nafarroako Gobernuko lehendakaria (argazkia: www.cuatopoder.es)

Leuzaren ustez, gizarte nafarraren beharrei erantzuteko orduan porrot egin zuen bankutik horrenbeste diru jaso izana susmagarria da. GB-ko parlamentariak gogorarazi du, gainera, Barcinak esan zuela CANeko organoetan “legeak hala aginduta” parte hartu zuela. Leuzaren ustez “bere borondatearen kontra izan zela ulertu daiteke esan hori, eta Beharturik lan egin izanak irabazi handia ekarri" diola. Nafarroako Gobernuko lehendakaria plenora joan ez izana kritikatu du ostean.

Galdera eta salaketen aurrean, Sánchez de Muniáinek Barcina CANeko organoen barnean “bere karguak hala eskatzen zuelako” egon zela erantzun du. Bankuaren dietak “gainontzeko guztion baldintza berdinetan” kobratu zituela esan du, eta bere “egoera guztiz egokia” dela. Parlamentari guztiek, baita GBkoek ere, euren karguak “legeak hala agintzen duelako” betetzen dituztela gehitu du.

“Ez dut ikusi, gainera, kobratutako dietak berehala itzultzen dituen inor. Halakorik aurkitzen duzuenean, itzuli berriz galdera horrekin, eta orduan hitz egingo dugu” esanez eman zion bukatutzat bilerari Gobernuko bozeramaileak.