Islandiako presidente Olafur Grimssonek BBCri eskaini dion elkarrizketan adierazi du Eskoziaren independentziaren alde legokeela. “Independentzia ez da tamalgarria, gizarte onuragarri baterako bidea izan daiteke”, dio Grimssonek.
Datorren astean emitituko dute Newsnight programan BBCk Olafur Grimsson Islandiako presidente beteranoenari (1996an hautatu zuten lehenbiziko aldiz) egindako elkarrizketa osorik. Hedabide britainiarrak aurreratu du Eskoziak 2014an egingo duen erreferendumaren alde azaldu dela Grimsson, “azken erabakia” eskoziarrena bada ere.
“Islandia nazio txikiz eta arrakastatsuz inguratuta dago. Ehun urteko perspektiba hartuz gero, iparraldeko Europaren historiak pixkanaka independizatu diren estatuak azalduko ditu”, adierazi du Grimssonek. “Independentzia aukera paregabea da Eskoziarentzat”.
Villaweb webguneak jakinarazi duenez, azken urteetan Islandia izan da Lituaniaren, Letoniaren, Estoniaren, Azerbaijanen, Georgiaren, Armeniaren, Kroaziaren eta Montenegroren independentzia aitortu duen Europako lehena, baita Palestinarena ere.
Eskoziaren Independentzia
Eskoziak 2014an galdetuko die herritarrei independente izan nahi duten ala ez. 16 urtetik gorakoek bozkatu ahal izango dute.
Erresuma Batuak erreferendumarekin aurrera jarraitzeko akordioa sinatu bezain laster hasi zuen Eskoziak prozesua. Alex Salmond Lehen Ministro eskoziarrak adierazi du hemendik bi urtera Eskozia independentea izango dela.