Laguntza

Fitxa teknikoa
 
Titulua: HAURRENDAKO IDAZLE XUMEA IZAN NAIZ NI, BERTZERIK EZ
Aurretitulua:
Egilea: Mikel ASURMENDI Data: 23-11-1997
Aldizkariaren zenbakia: 1648 Zein orrialdetan: 26-29 Luzera: 10774karaktere

HAURRENDAKO IDAZLE XUMEA IZAN NAIZ NI, BERTZERIK EZ

Bankan sortu zen Marijane Minaberri 1926an. Haurrentzako ipuinak eta antzerkiak eta poesiak izkiriatu ditu. Oskorri taldeak Xoria Kantari liburuxkako bere hitzak musikatu ditu eta "Marijan kanta zan" izeneko lana plazaratuko du sarri. Emakume bakartia da Marijane Minaberri, zinez bakartia denez. Uztaritzeko Atalkienea etxean bizi da bakarrik eta goxoki hartu gaitu bertan. Beti bere kasa bizi izan da, eta ez du bere buruaz mintzatzea maite. Galdera guztiak erantzun ditu, baina horietako batzu gordean atxikitzeko erregutu digu. Enbataz mintzatu garenean, ontsa ezagutu zuen Michel Labeguerie solasean agertu eta ixiltzea nahiago izan du. Euskaltzain urgazlea izanik, eta euskarari buruz zer iritzia duen galdeturik, ixilean gordetzea nahiago duela ere erran digu. Alta, ETBtik pilota ikusten du, eta zera galdetu dit: "Zendako diote "pilota jo egin du!"". Zergatik erabiltzen duten esatariek "egin" hitza hainbertze, alegia. "Haurrendako idazle xumea izan naiz ni, bertzerik ez" adierazi digu Marijane baxenabartarrak).

Haurrendako idazlea, eta artikulu egilea ere bazara. Izenordez sinatu izan duzu kazetetan betiere. "Atalki" izenordez kasu. Zendako?

Atalki ene sortetxearen izena duzu, Bankan dago. Etxe hura egin zutenak biziki atxikiak ziren sosari, nahi zuten bide bazterrean etxea egin, bihurgune batean, eta egiten ari zirelarik etxea erortzen zitzaien behin eta berriz. Etxea zureriarekin egin nahi baizuten -alegereki kondatzen digu pasadizo hau Marijanek-. Etxean lau ahizpa ginen, karrikan hazi eta hezi ginen, aita elektrika lantegi batean ari zen lanean. 18 urte nituela utzi nituen ene ikasketak. Ni estudioetarik sarrerazi ninduten etxean ama eri zelakotz. Lehenik Donepaleun eta gero Angelun egin nituen ene ikasketak. Alta, ikasketak utzi behar izan nituen eta Herriko Etxean idazkaritzan sartu nintzen.

Zer gogoratzen duzu Bankan biziriko urte haietaz?

Bankan jendea izugarri ona da. Ene gazte denbora osoa Bankan pasatu nuen; izugarriko denbora ona. Gazte multzo bat ginen, elgarrekin beti, oporretan eta pilotan eta kartetan... Aitak erretreta hartu zuelarik, amak Uztaritzerat nahi zuen etorri. Aitak eta nik ez genuen batere enbeiarik. Azkenean amak kexaturik: "Joaiten gira eta kitto! erran dugu". Oraiko ene etxeko izena ere Atalkienea duzu.

Banka, Urepele, Aldude... leku gogorrak dira horiek bizitzeko, ezta? Mendiko laborantza ez da samurra gero. Xalbador, Jean Louis Maitia, Gexan Lantziri, Manex Goienetxe, Enaut Etxamendi... pertsona biziki eragingarriak sortu dira inguru hartan. Segitzen duzu hango mundua?

Batere ez dut segitzen. Sobera min ukan nuen joaitean, eta ez naiz gero sekula izan. Zuk aipatu lagun horiek Uztaritzera jinez gero ezagutu ditut denak, Bankan euskaldungoa ez zen batere ezagutua orduan. Erraite baterako, Bankakoendako orduan bertzaldeko jende guztia espainola zen, eta bazen halako mesprezu bat. "To, hori espainola!" erraiten baizen. Espainiako gerra zibilaren ondotik, gauza harrigarria gertatu zen ordea. Erratzu eta Sunbillatik -baztandarrak alegia- anitz jende ihesirik jin zen honat, laborantza etxeetan mutil jarri ziren lanean, eta ainitz etxeko alabekin ezkondu. Bankako laborari etxeak bizi dira bertzealdeko eskualdunak jin zirelakotz. Hastapenean espainolak zirela uste bazuten ere, gerora ez. Egun harritua naiz ikusten dudalarik zer kontzientzia duten han egungo egunean, izigarri aldatu dira izpirituak.

Uztaritzera etorri zinen, beraz. Eta zer aurkitu zenuen Lapurdin?

Hogeita zortzi urte nituen, eta Saint Louis Gonzague ikastetxean hasi nintzen irakasle Baionan. Handik berriz, "Basque Eclair" egunkarian hasi nintzen idazkari lanetan. Gexan Lantziri eta Jean Baptiste Dirassar ezagutu nituen orduan. Egunkari hura Paben egiten zen, hura ezin biziz, "Sud Ouest" egunkariak erosi zuen, eta langileak kazeta horretara joan ginen. Paben izigarriko nekea pasa nuen, ez baitute eskualduna batere konprenitzen. Baionara jinik, Enbata mugimendua ezagutu nuen, artetan lagundu ere. Bestenaz politikan ez naiz sartu ni.

Michel Labeguerie ontsa ezagutu zenuen. Orduko Enbata mugimenduaz zure iritzia ukanen duzu?

Ez naiz politikaz okupatu batere, eta zendako mintza politikaz- Bon, zer nahi duzu erraitea, Enbatan eskualdun onak ziren, baina politikan anitz jende jarri zuten bazterrerat. Ez zen ene irudiko bekoz beko joan behar, diplomazia eskas atzeman nuen. Hortakotz ez nintzen Enbata mugimenduan izan, ez nintzen eta ados. Bertzealdeko iheslariak jin ziren eta jokatu zuten han balira bezala, eta ez zen batere hala. Handik jinak osoki abertzaleak ziren eta haiekin ikasi dute Enbatakoek. Alta, populua ez zen aski punduan Enbataren bidea onartzeko. Nik sobera ezagutzen nuen barnekaldeko jendea eta banekien sekula ez zutela onartuko Enbatak segitu nahi zuen bidea. Erran behar da ere, orduan ez zela abertzalerik, eta Enbatak sortu zituela abertzaleak.

Nahiago baduzu zure idazle lanaz mintzatuko gara. Nola hasi zinen idazten?

Hori da ene ustez bakarrik dakidan zuzen-zuzena. Hogeita bat urte zituen adixkide bat galdu nuen, hil zen, angeluarra, eta orduan jin zitzaidan idazteko gogoa. Ene lehen olerkia horrela idatzi nuen, adixkide galduari idatzia. Ez nuen ideiarik bazela euskal literatura bat, ez nekien batere ere.

Halarik ere sarri idatzi duzu kazetetan eta zure liburuxkak idatzi ere.

Bertze anitz idazlari entzuten dudalarik, haiek badakite zerk pusatu dituen idaztera, nik batere ez dakit. Biziki gaitz hatzeman dut hori jakitea. Gure denboran eskualdunak behar zuen sortu eta egin dena. Ene kasuan nehork ez dit sekulan lan bat zuzendu. Nik lan bat kazeta batera igortzen nuelarik nahi nuen zuzendua izaitea. Orain hasten naizelarik "Gure Herrian" agertu ziren ene ipuinak berrirakurtzen, harriturik egoiten naiz zenbat huts edo hutserdiak ziren eta nehork ez zidala deus zuzendu. Geroago aritu izan naiz izkiriatzen, ahal izan dudan bezala, eta jakin dut euskal literatura bat bazela. Jean Haritxelharrek "Pierre Topet Etxahun" liburua egin zuelarik -nik mekanikaz joa da liburu hori- hor ikusi nuen bazirela errima eta neurri batzu, ordura arte deus ez bainekien nik. Hain gutti nekien, hain nintzen inozentea, eta deus jakin gabe aritzen nintzen izkiriatzen.

Oixtian Atalki izengoitiaren berri eman diguzu. Bertzalde, Ande Reo ezizena ere erabili zenuen, bereizita. Kontaiguzu pixka bat.

Atalki izenordea aita hilez gero erabili nuen. Lehenago Ande Reo izena erabili nuen. Andereo izen hori Michel Labegueriek jarri zidan. Egun batean andereo erran zidan, eta ez nekien zer zen, ez nuen sekula entzuna, eta gustatu zitzaidan hitza. Zendako bereizirik Ande Reo- Bitxia naizelakotz. Ororen buru erranen duzu arrunt bitxia naizela.

Aitzindaria sentitu zara, bestenaz? Alegia, emakume nahiz idazle gisa? Ia, ia, ia... Ez naiz aitzindaria batere izan. Gertatzen da nik egin dudana egin dudalarik goizegi zela, bertze nehor ez zelako. Ez dut orguilos agertu nahi, baina ez naiz sekula oraikoarekin ados izan, beti aitzina naiz, eta aitzina denak ez du kasik sekula arrazoi. Sobera goiz arrazoi duzularik ez duzu arrazoi, eta nik uste dut lanetan eta denetan hala izan naizela. Konparazione, gazte ginelarik, lau ahizpak pilotan aritzen ginen, pala antxan aritzen ginen eta orduan eskandala zen. Hori gero gauza normala bilakatu duzu. Baina nik beti oraikoarekin problemak ukan izan ditut.

Emakumeen bilakaeraz eta egungo emazteen egoera sozialaz zer iritzi duzu?

Alde batetik emazteak ez du aski eskubide erdietsi eta bertzaldetik ez naiz arras ados beti gizonaren pare jarri nahi izatearekin. Emaztea emaztea da eta gizona gizon. Emazteak anitz eskubide falta ditu alta; gehienak ene irudiko politikan. Politikan boterea dago eta emazteendako diren lege guztiak gizonek eginak dira, eta hauek nahitaez bere nagusitasunarekin so egiten dute. Hori da huts handiena. Egun emazteak kanpoan eta etxean ere lan egin behar du. Ni ministro banintz, proposatuko nuke emaztea paga dezaten kanpoko lanean bezainbat etxean egoiteko haurrak eskolaratu arte. Eta gero ziurtasun osoa ukan dezan bere lana atzemaiteko.

Beraz ez duzu atarramendu onik ikusten egungo moldeetan?

Alde batetik aitzinamendua izugarria da eta denbora berean gibelerat ari gara. Uste dut gure mundu hura galdua dela, etxeko lehengo bizia aldatzerat bortxatuak izan gara. Hor haurrak goizeko zazpiretan hartzen dituztelarik, autobus batean ezarri eta gero arratsarte... Ez dute etxean bazkaltzen, arratsean etxean sartu, telebista ikusi eta kitto! Hau erranik ere anitz emazte ene aurka ezarriko ditut, eta gainerat ez ditut seme-alabak.

Pertsona bakartia zara, beti zure kasa ibilki zara. Bakartia izatea zer da, dohain bat?

Ez. Ez da ene alde, ez bainaiz gai izan multzo batean lanean aritzeko. Nik maite dut zerbait egin, ontsa bada hobe, txarra bada ikasten duzu. Baina multzo batean hori egitean, batek erraiten dizu, ez hori txuri, eta bertzeak beltxa, ororen buru deus. Nik hola ikusi dut, onerako edo txarrerako. Hori bai, zerbait egin behar izan dudalarik laguntzak ukan ditut. Konparazione, Haize Garbiak, eta Ikas-ek biziki lagundu naute, galdetzea aski nuen. Gero multzo batean aritzeko beti bihurria izan naiz.

Hendaiako Haize Garbiarekin gramatika, Ikas elkartearekin literatur liburuxkak. Berriki arte kolaboratu duzu zenbait aldizkaritan. Xirrixtarekin esaterako. Nola ikusten duzu Xirrixta haur aldizkaria?

Ez nuke erran behar, ez duzu ezarriko..- Arras berezia naiz eta ikusmolde berezia dut. Xirrixta joan da Hendaiarat, eta zendako joan da harat: bertzealdeko eskualdunendako lanen egiterat. Bertzealdekoek ez dute gure beharrik alta. Eta orain beldur naiz Xirrixta ez dutela barnekaldekoek segituko.

Aldizkari bera egiten bada, zendako ez?

Ez da hala, ez da arras hala, orain badu hango kutsu handi bat, eta nik uste dut, hemen ez garela biziki aitzinerat joanen beti bertzealderat so eginez, ikusirik bertzealdean eta hemen ez direla jokamolde berak izaiten ahal, hango egia ez dela hemen egia izaiten ahal...

Oskorri taldeak"Marijane kanta zan" izeneko diskoa egina du zure hitzekin, eta omendua izanen zara egunotan. Kontent zirea?

Izugarriko oparia egin didate, nehork ez du ukatzen ahal. Minbera naiz diskoaren izenburuarekin. Haur kantuak dira, haur disko bati ezin diozu eman "Marijane kanta zan" izena. Ni funtsean haurrendako idazle xume bat izan naiz, ez naiz agertzearen alde batere. Diskoa zoragarria da eta gainerat liburuxka bat dakar kantuen hitzekin; izugarriko lana. Omenaldiak nau izutzen, ez nuke nahi hala izan dadin baina... Bizitzak baditu bere sorpresak, sorpresa onak. Nik ez nuen sekulan amestuko holakorik izaiten ahal nuela

MIKEL ASURMENDI

Laguntza